None

Errutinen bidez matematika landu

Zer gertatuko litzateke matematika eskolak elkarrizketa eta lankidetza sustatzeko ariketa dibertigarri eta interaktiboekin hasiko balira, lan-fitxekin hasi ordez?

Matematikako errutinek aukera paregabea eskaintzen diete irakasleei matematika klaseak modu positiboan hasteko eta, aldi berean, denbora modu eraginkorrean erabiltzeko. Errutina matematikoekin, ikasleen logika matematikoa hobetu eta kontzeptu matematiko askoren ulermenean sakondu daiteke.

Azter dezagun nola izan daitekeen hau.

 

Zer dira errutina matematikoak?

Errutina matematikoak berotze ariketak dira matematika eskolei hasiera ezin hobea emateko. Ikasleei matematika kontzeptuak aplikatzen laguntzen diete gelan giro ona garatzen eta ikasleek haien buruarengan konfiantza indartzen lagun dezakete.

Errutina matematikoak erraz inplementatzen dira eta oso emaitza interesgarriak lortzen dira. Bestela esanda, planifikatzeko errazak dira eta aukera asko eskaintzen dituzte. Errutina matematikoei esker, gaitasun matematiko desberdinak dituzten ikasleek kontzeptuak hobeto uler ditzakete. Eraginkorrak dira, zenbakien esanahiaren ulermana errazten dutelako, zailtasunak dituzten ikasleengan ere. Gainera, irakasleek ikasleen pentsamendu-prozesuak hobeto ulertzea lor dezakete.

 

Zein da zenbakien esanahia?

Lehen hezkuntzako matematikaren azken helburua ikasleei zenbakien esanahia garatzen laguntzea da. Matematikako Maisuen Kontseilu Nazionalak honela esaten du:

Ikasleek zenbakiekin lan egiten duten heinean, malgutasuna garatzen dute. Ikasleek zenbakien tamaina eta balioa ulertzen dutenean, zenbakiak pentsatzeko eta irudikatzeko modu ugari garatzen dituztenean, zenbakiak erreferente gisa erabiltzen dituztenean, eta eragiketek zenbakietan duten eraginari buruzko pertzepzio zehatzak garatzen dituztenean zenbakien esanahia garatzen dute.

Zehazkiago, ikasleek honako menperatu behar dituzte: oinarrizko eragiketa matematikoak, trukatze, elkartze eta banatze propietateak, posizio-balioa, zenbakien deskonposizioa, zenbakien arteko konparaketa, eta gehiago!

Hau guztia lantzea ez da lan erraza! Eskolan haurrek esperientzia zehatzak behar dituzte matematikak deskubritzeko eta aukera asko dituzte buruketa, zenbaki eta kontzeptu matematiko desberdinei aurre egiteko. Haurrek praktikaren bidez, matematikarekiko logika gara dezakete.

Errutinek aukera bikaina eskaintzen dute haurrek aipatutako guztia garatzeko.


Matematika lantzeko errutinak: adibideak

Matematika lantzeko errutinek ezaugarri bereizgarri batzuk dituzte. Gela osoko eztabaida sustatzen dute eta ariketa interaktiboak dira. Errutina matematikoak  ariketa laburrak dira eta landutako kontzeptu bat errepasatzeko erabil daitezke. Ikus ditzagun adibide batzuk:

Txartel matematikoak: ikasle bakoitzari zenbaki bat duen txartel bat ematen zaio. Gero, ikasleek zenbaki horiek ordenatu behar dituzte zenbakien arteko espazioan pentsatuz. Zenbakiak hainbat modutan erakusten dira txarteletan: zenbaki erreala, puntuak, eragiketak... Ikasleek ariketa osatzen dute eta beste ikasleek jartzen dituzten txartelak kontuan hartu behar dituzte haiena toki egokian kokatzeko.

Ariketa hau zenbaki dezimalak, zatikiak edota zenbaki negatiboak erabiltzen ere egin daiteke.

Zenbakiekin jolasten: irakasleak matematika buruketa bat proposatzen du. Adibidez, "12 x 3, 30etik edo 40etik baino gertuago dago?" Edo, "132 zenbakia lortu, 200, 2, 3, 5 eta 9 zenbakiak erabiliz. Zenbaki hauek biderkatu, zatitu, batu edo ken ditzakezu, baina zenbaki bakoitza behin bakarrik erabil dezakezu". Edo beste edozein asmakizun matematiko.

Ikasleei buruketa ebazten eskatu aurretik, haien ikaskideekin hitz egiteko eskatu. Ariketa honetan, ikasleek buruketa ebazteko erabil ditzaketen estrategiei buruz hitz egiten dute, baita erantzuna zein izan litekeen ere. Gero, pentsatutako estrategiak gela osoarekin partekatzera animatu.

Lehenengo buruketarekin, ikasleek biderketa modu honetan ebatzi dutela azal dezakete: 10 x 3 + 3 x 2. Beste batzuek esan dezakete, biderketa 12 x 3 buruz dakitela eta, beste batzuk, zenbatetsiz lortu dutela emaitza. Bestalde, beste batzuek honela ebatzi ahal izan dute: 3 x 5 + 3 x 5 + 2 x 3.
Pilota jaurtiketa: pilota handi batean zenbakiak idaztzi eta ikasleek pilota haien artean pasatzen dute. Ikasle batek pilota hartzen duenean, bere hatz loditik hurbilen dagoen zenbakia esan eta aurreko ikaskideak esandako zenbakiarekin batzen du. Ikasleek zenbakiak batzen jarraitzen dute muga batera iritsi arte, 100era arte, esaterako. Ikasleei ere zenbakiak haien artean biderkatzeko edo zatitzeko eskatu ahal zaie.

Nik daukat, nork dauka?: Ikasle bakoitzak zenbaki bat idatzita duen txartel bat du. Hasteko, adibidez, ikasle batek esaten du: "Bost zenbakia daukat. Nork du bost gehi hiru? Edo, "Bost zenbakia daukat, nork dauka bost baino zenbaki txikiago bat?" Galderari erantzuten dion zenbakia duen ikaslea izango da antzeko galdera bat egiten duen hurrengoa. Jarraitu horrela, ikasle guztiek parte hartzen duten arte.

Ariketak berdinak izan daitezke ikasturte guztietarako, mailaren arabera edukiak moldatu besterik ez da egin behar. 

Errutina gisa beste baliabide batzuk ere erabil daitezke, esaterako, Matific plataforma erabiltzea ere aproposa izan daiteke.

 

Errutina matematikoak aurrera nola eraman emaitza hobeak lortzeko

Errutina matematikoak aurrera eramateko, lehenik eta behin, gela eta maila bakoitzerako zer errutina erabili erabaki behar duzu eta denborak ezarri. Ikasleei eztabaidei esker elkarrekin ikasten dela jakitera eman eta erantzun zuzena lortzeko modu desberdinak landu.

Ikasleei emaitza dakitenean eskua altxatzeko eskatu beharrean, saiatu urrunago joaten, planteatutako arazoa ebazteko ezagutzen duten modu bakoitzeko hatz bat altxatzeko eskatuz. Horrela, ikasle guztiek irtenbide desberdinak pentsa ditzakete eta ez dute berehala etsiko.

Errutina matematikoetan ikasle guztiak elkarrizketaren parte izatea sustatu. Honako esaldiak lagungarriak izan daitezke.
Orduan, esaten ari zara...
___ (e) k esan duena zure hitzekin azal dezakezu?
Ados al zaude ___ (e)k esan duenarekin?
Zer pentsatu duzun azaldu ahal duzu?

Ariketa horiekin, aberasgarria da ikasleei irtenbide desberdinetara nola iristen diren azaltzen uztea.

Gogoan hartu, helburua ez da arazoa behar bezala konpontzea bakarrik, malgutasunez pentsatzea, zenbakien manipulazioa praktikatzea, prozesuen bidez hitz egitea eta matematiken ulermena areagotzea baizik. Irakasle moduan, ikasleei helburu horietara heltzen lagundu, eztabaida onak sustatu, akatsak egitearen erabilgarritasuna azaldu eta hainbat estrategiekin arazoak konpontzearen garrantzia nabarmendu.

Errutina matematikoak erabiltzen al dituzu zure gelan?